Ocean Living Lab erakundeko presidentea Manuel de Larak eta GAIA klusterreko presidentea Jose Echezarrak izenpetu dute gaur goizean “OceanWork Centre” proiektua abiarazi duen hitzarmena. Itsasoko eta irristatzeko kirolen esparruan enpresa eta teknologia kooperaziorako gune aitzindaria da Bilboko zentro hau. Euskadi eta Akitaniaren artean sor daitezkeen proiektuak bizkortzeko xedez abiarazi da aparteko interesa duen jarduera-esparruan. Kontuan izan behar da Frantziako gobernuak lehentasunezkotzat jo duela jardun-arlo hau bere espezializazio teknologikoko arloak finkatzen dituen French Tech delako estrategiaren barruan. Donibane Lohitzuneko Peyuco Duhart alkateak ere parte hartu du hitzarmena sinatzera etorri den delegazioan.
Hitzarmenarekin, Euskal Elkargo berriko enpresek eta Euskadikoek harreman–sarea trinkotzeko aurrerapauso handia egin dute, esan den bezala, mugaz bi aldetako ehundura ekonomikoarentzat oso garrantzitsua den esparruan, gainera. Atlantikoko kostaldean, Landetatik eta Bizkairaino, industria honen erdigunea da, 5.000 lanpostutik gora ditu eta 2.500 milioi euroko itzulkin ekonomikoa sortzen du. Eskualdeko espezializazio teknologikorako estrategiaren barruan, Akitania esparru horretako garapen-gune nagusia da Frantzian, eta berau garatzeko zentro kolaboratzaileak sortzea erabaki du: lehena Bilbon finkatu den hau.
Lankidetzan produktu eta zerbitzuak garatzea da zentroaren xedea, teknologia eta ezagutza bideratuz mugaz bi aldeko ekosistema sendotzeko eta eskaintza eta eskaria konektatuz. OceanWork Centre delakoa GAIA klusterrak Bilbon duen egoitzan, Bilbao Berrikuntza Factory-n, kokatu da eta horri esker, klusterrak bere 250 enpresekin batera sortuko dituen sinergiez baliatu ahal izango da.
Lankidetza-esperientzia luzea
GAIA Klusterraren eta mugaz bestaldeko erakunde publiko eta enpresekiko kolaborazioa aspaldikoa da. 20 urtetik gora daramatzate elkarrekin lanean, 1996. Urtean lehen fondoa sortu zenetik. 20 ekimen baino gehiago garatu dira urte hauetan guztietan, 500 enpresa baino gehiago eta 40 proiektu elkarrekin burutuz.
2016ko martxoan sortu zen Ocean Living Lab, Euskadi-Akitania arteko lehen ekosistema kolaboratiboa, itsasoko eta irristatzeko kirolen esparruan negozio-aukerak garatzeko. Bertan parte hartzen duten eragileek elkarrekin lan egiten dute gune geografiko hau konektatzeko eta erreferente bihurtzeko esparru digital eraginkor bezala, teknologia aurreratuak ezarriz, hala nola, sentsoreak, objektuen arteko konektibitatea, web plataformak, komunikabideak, eta abar. Horrez gain, prototipoak bizkor garatzeko guneak sortu ditu, aholkularitzako eta industria metodoak garatuz eta erabiltzaile-komunitateak identifikatuz.
+ INFO: www.ocean-livinglab.eu | www.clustergaia.es
© 2014 GAIA - C/ Portuetxe, 14 - 1°. Ibaeta eraikina 20018 - SAN SEBASTIÁN (Gipuzkoa) - ESPAÑA Tel. +34 943 31 66 66 - Fax. +34 943 31 10 66